Informazioa eta interpretazioa

 

Informazioa eta ikuspuntua

 

Informazioaren antolamendua

 
Lehenik, aztertu

Jakina denez, idazten hasi baino lehen, ezinbestekoa da argi eta garbi izatea zer kontatu nahi den, eta nori. Informazioa egoki antolatzeko, lehenik albistearen mamia bereizi behar du kazetariak, eta gero kontakizun erakargarri bat moldatu, eskura dituen baliabideak ondo uztarturik: testua, argazkiak, bideoak... Albisteak berritasuna non daukan ikusi, zer inguruabarrez osatua den, gertaeren nondik norakoak argitu, datuak ongi ulertu: hori guztia egin behar du kazetariak idazten hasi aurretik.

Informazioa ongi aztertu eta gero, orria eta testua egituratu beharra dago, kazetaria papererako ari bada. Sarerako ari denean, berriz, edizio digitalean nola aurkeztu erabaki beharko du.

 
Gero, egituratu

Zer kontatua izan behar du kazetariak, jakina, eta gaiari nondik heldu, nola bideratu, datuak eta ideiak nola hierarkizatu erabakitzea da idazten hasi aurreko zeregina. Horretarako, ondo aztertu behar du orria edo web orria nola egituratu: testuak, infografiak, taulak, argazkiak, bideoak, estekak...

Gertaerak, normalean, ez dira bakanak, ez baitira espazioan edo denboran aparte gertatzen: testuinguru jakinetan gertatzen dira, eta kontatu ere hainbat ikuspuntutatik konta litezke. Horregatik, zaila da albiste bat idazten hastea eskemarik izan gabe.

Luzaroan, egitura modurik ezagunena piramide iraulia izan da: paragrafoka antolaturik, lehenik garrantzitsuena idazten da, eta gero gainerakoa. Molde horretara ekarri izan dira agentzietako albisteak, gero munduan zabal daitezen.

Albisteak moztu beharra izaten zen batzuetan, eta piramide irauliaren eskema aukera-aukerakoa zen: daturik garrantzitsuenak testu hasieran emanak zeuden, eta azken paragrafoetan bildutako informazioa galduta ere berdin ulertzen zen albistea, garrantzi gutxieneko atalak baitziren azkenak.

Gaur egun, Interneterako idazten denean, oso gogoan hartu behar da piramide irauliaren egitura. Izan ere, arrunt egokia da, batez ere kontuan harturik nola irakurtzen den sarean: askok artikuluaren hasiera bakarrik irakurtzen du, beheko aldera jaitsi gabe.

Piramide irauliaren eredua bezala, kazetaritzan oso zabalduta dago 5/6 W-ei erantzun behar zaien ideia —ingelesezko galdetzaileen hasierako letra da Wwho (nork), what (zer), where (non), when (noiz), why (zergatik) eta how (nola)—. Berez, esaldi arrunt bateko subjektu-objektuak eta horiei dagozkien adberbiozko osagarriak dira. Ondo baliagarria izan da kazetari berriek gogoan har dezaten albistearen funtsa.

Erredakzioetan teknologia berriak sartu zirenetik, ordea, ordenagailu eta programazio sistema berriak garatzearekin batera, testua egituratzeko beste bide batzuk landu dituzte kazetariek: estilo, genero eta idazkera modu berriak. Helburua ez da aldatu: ahalik eta informaziorik osatuena ematea, betiere komunikazio erarik eraginkorrenean. 

Piramide irauliaren ondoan, bada kazeta testuak antolatzeko beste eredurik ere. Hareazko erlojuarena, esaterako: informazioa garrantziaren arabera ordenatuta ematen da, baina azken paragrafoan kontakizuna biribildu eta informazioaren gaineko datu garrantzitsuren bat biltzen da. Beraz, albistea bukaera arte irakurri behar da.

Informazio hutseko albisteak piramide irauliaren eskemara lotu izan dira gehiegitan, eta 5/6 W-ei erantzun izan die idazkera zurrun eta ez beti gozagarrian. Eredu aseptiko hori oso baliagarria da, izan, testu laburrak idatzi behar direnean batik bat: normalean, agentzietatik bidalitako albisteen datu nagusiek ez dute ematen paragrafo bat osatzeko baino gehiago.

Baina informazio ondo hornitua eta zabala inguratzen duenean, kazetariak ez dauka hain estu jokatu beharrik: gaiari lotutako koherentzia izango du testua bilbatzeko haria. Datuak gaika lotuta dauden heinean atondu eta paragrafoak ideia baten inguruan eratuta, kontakizun erakargarriago eta samurragoak onduko ditu. Esaldiz esaldi, paragrafoz paragrafo ideietan aurrera eginda, testu erosoak eskainiko dizkio irakurleari.

Albisteak kontatzeko molde horretara biltzea da BERRIAren helburua: istorioaren elementu bakoitzak zeregin jakin bat betetzen duela, testuaren kanpo egiturari hainbeste erreparatu gabe, kontakizunaren barne koherentzian oinarrituta, arian-arian albistearen logikari erantzunez. Baina hitzik eta prosarik ederrenek ez dute apainduko berez hutsik dagoen mamia.

 

 

 

Interpretazioaren garrantzia

 
Kazetak, beste komunikabideekin lehian

Egunetik egunera toki handiagoa dute ikus-entzunezkoek eta Internetek gure bizitzan, eta haien ereduak eragin handia du gaurko prentsaren diseinuan eta idazkeran. Beste itxura bat dute egunkariek gaur, joan den mendearen hasierakoen aldean; izan ere, etengabe berritu dira mundu osoko kazeten formatuak eta informatzeko erak.

Gaur egun, zentzugabea da telebista eta Internet sortu aurreko garaietan bezala idazten jarraitzea. Irakurleek normalean badute albistearen berri, bezperan edo ordu batzuk lehenago jakinarazi baitute irratian, telebistan eta sarean. Hedabide horiek esandakoa errepikatuz gero, kazetak ez dio ezer berririk emango irakurleari.

 
Testuingurua eta interpretazioa

Irakurleak lehen baino gehiago eskatzen dio prentsari. Horregatik, papererako idatziz gero, piramide irauliaren ereduak higatua dirudi gaurko irakurleari emateko, edo, behintzat, ez da eredu bakarra. Izan ere, kazetaren irakurleak aldez aurretik badakizki oinarrizko erantzunak. Albistearen nondik norakoen bila, testuinguruaren eta xehetasunen bila jotzen du egunkariko orrialdeetara.

Albistean sakondu, gertaeren testuingurua azaldu eta interpretatu, eta errealitatea ulertzeko gakoak eman irakurleari: hori da gaurko kazetarien lantegia. Urrutiko gertaerak, datu hotzak, estatistika ulergaitzak irakurlearen eguneroko bizimodura hurbildu behar ditu kazetariak: eguneko gertakizunek zer eragin izango duten, nola ulertu behar diren testuinguru jakin batean, nondik datozen gertakari horiek eta zeren ondorio diren… Hori guztia aletzen jakin behar du kazetariak, eta errealitatea interpretatzeko bideak eman behar dizkio irakurleari. Eta irakurlea erakartzeko eran asmatu behar du kazetariak: kontakizunean.

 

Generoak

 

Generoak, informazioari heltzeko moduak

Kazetariak, esku artean duen gaiari nola heldu nahi dion, horren arabera aukeratuko du zein genero erabili, kontatu nahi duena kontatzeko. Izan ere, generoaren arabera, testuek eta maketazioak ezaugarri jakin batzuk dituzte.

Testu batzuetan, gertakizunen berri jakinarazten da, bestelakorik gabe: ez iritzirik, ez lehen pertsonarik, ez inolako marka pertsonalik. Informazio generoak dira.

Beste kazetari lan batzuk pertsonalagoak dira, eta idazkeraz ere libreagoak eta literarioagoak. Informazioa ematen dute, baina, aldi berean, gertaeren interpretazioa egin ere bai. Horregatik, interpretazio generoak direla esan ohi da.

Badira, era berean, egilearen jarrera agerian utzi eta irakurlea pertsuaditzeko edo limurtzeko idatziriko testuak ere: iritzi generokoak, hain zuzen ere.

Normalean aipatu ohi diren generoak albistea, erreportajea, elkarrizketa, kronika eta iritzi artikulua dira, baina badira azpigeneroak ere, zein bere ezaugarriekin. Dena dela, gero eta meheagoa da generoak bereizten dituen marra: genero baten ezaugarriak beste batenekin uztartzen dira sarritan.

 

Informazio generoak

Gaurkotasunari estu-estu loturik daude informazio generoak, eta hauxe dute helbururik behinena: zer gertatu den kontatzea, bere soilean, kazetariaren inolako marka pertsonalik gabe.

 
Albistea

Gertaera bati lotutako berria da, zer gertatu den ulertzeko oinarrizko testua, nondik norakoak azaltzen dituena. Kazetaritza klasikoan, honako galdera hauei erantzun ohi die albisteak: nor(k), zer, non, noiz eta zergatik. Batzuetan, baita nola galderari ere.

Gaur egun, ordea, ez da ezinbestekoa beti-beti galdera horiei erantzutea. Kazetariak jakin behar du bakoitzaren garrantzia neurtzen eta horren arabera jokatzen. Esaterako, gerta liteke beste galdera batzuei ere erantzun behar izatea, mamia emateko: noren arabera, zertarako, zenbat...

Egun, norbaitek esandako hitzekin osatzen dira eguneko albiste asko eta asko. Horrelakoetan, gertatu ez da ezer gertatu, baina protagonista baten diskurtsoa da albistearen gaia: mahai inguru bat, prentsaurreko bat, hitzaldi bat, liburu edo disko baten aurkezpena... Albiste diskurtsiboak dira.

Albiste diskurtsiboen egitura informazioaren logikari lotzen zaio. Protagonistak esandakoaren gaineko sintesia ematen jakin behar du kazetariak; izan ere, ez dago den-dena eman beharrik, ezta hark esandako ordenan ere: testuaren osotasuna diskurtsoaren koherentzian dago, kazetariaren ikuspuntutik eginik eta irakurlearen zerbitzuan.

 
Informazio erreportajea

Informazio genero bat da, gai librekoa, baina eredu objektiboan landua eta, batik bat, estilo zuzenean idatzia.

Gertaerak azaltzen dira, baina ez daude, nahitaez, gaurkotasunari lotuak: batzuetan berri izateari ere utzi diote. Edonola ere, gertaera berri samarrak dira, edo ezezagunak orain arte. Genero honek bide ematen du albiste izan diren edo izan litezkeen gertaerak xeheago azaltzeko, nondik norakoen berri emanez.

Kazetaria dakiena edo ikusi duena bere hartan emateko ahaleginean aritzen da, kontatzen diharduen gertaera eta egitateei buruzko epairik eta iritzirik eman gabe.

 
Informazio elkarrizketa

Elkarrizketatuak emandako informazioa gaurkotasunari edo eguneko gertaerei lotuta dagoen heinean dira interesgarriak elkarrizketok, eta informazioaren zerbitzuan argitaratzen dira. Estilo erabat objektiboan idazten dira; hala, ez da onartzen kazetariaren komentario edo deskribapen interpretatiborik.

 

Interpretazio generoak

Informazio hutsetik harago doaz interpretazio generoak, kazetaria albistean sakontzeko helburuari lotzen baitzaio: albistearen testuingurua deskribatzen du, gertaeraren arrazoiak aztertu, aurretik gertaturikoekin dagoen lotura seinalatu, eta azalpenak eman.

Informazio generoko testuetako idazkera gaindituta, kazetariak lizentzia gehiago hartzen du idazkera aldetik interpretazio testuetan, testu literarioagoak baitira.

 
Interpretazio erreportajea

Erreportaje sakonak izan ohi dira, eta gaurkotasunetik harago aztertzen dute gaia, ikuspuntu zabalagotik. Dokumentazio lan handia eskatzen dute, gertaerak nondik datozen ongi jakitea eta bildutako materiala ondo aztertzea.

Idazlana ez da testu bakarra izaten: zatidurek (analisia, kronologia, norbaiten iritzia...) eta elkarrizketa zatiek ere lagundu ohi diote testu nagusiari; infografia landuek eta argazki ikusgarriek ere sarri. Informazio erreportajeak baino luzeagoak izan ohi dira.

 
Soslai elkarrizketa

Sormen elkarrizketa ere deitu izan zaio. Elkarrizketatuaren nortasuna islatzea du helburu, baina elkarrizketaren giroa ere jasotzen du kazetariak: protagonistak esan duenaz gain, nola esan duen, zergatik, zein testuingurutan, zer jarrera erakutsi duen, eta abar.

 
Kronika

Gertaera baten kontaketa egiten da, eredu objektiboan nagusiki, baina zilegi da balorazio kutsuko zertzeladak gehitzea. Denbora jakin batean gertatukoaren berri ematen da (kirol kronika, legebiltzarreko saio baten kronika…). Kronikagileak jakintzat jotzen ditu gertaeraren datu nagusiak, baina kontakizunaren lekukotza zuzena eskaintzen du.

Idazkera oso pertsonala izan ohi da, albiste-erreportajeetakoa baino gozoagoa, eta autorearen nortasuna ez da ezkutatzen. Interpretazioak ere lekua hartzen du idazkeran. Testu mota honen helburua gertaerak aztertu eta azaltzea da, betiere kontuan hartuta egitatearen datu nagusiak aurrez jakinak direla.

 
Analisia

Interpretazioa azken muturrera eramaten da analisietan. Datuak gaia gogoratu eta interpretazioari ekiteko abiaburu ditu kazetariak. Adituaren ikuspuntutik aztertzen eta aletzen ditu egoeren nondik norakoak eta gertaerek sortzen dituzten ondorioak.

 

Iritzi generoak

Genero honetako testuen bidez, irakurlea iritzi bat hartzera bultzatu nahi du egileak, jarrera baten alde egin dezan. Pertsuasio jarrera garbia du kazetariak. Horretarako idazten duen testua oso librea da, nahiz eta argitaratuko den hedabidearen estilo arauetara biltzen den.

 
Artikulu-iruzkinak

Hedabideetan tratatzen diren gai eta egitate garrantzitsuen inguruan idazleak egindako azalpen edo argudio testuak dira.

Albistearekin oso lotura urrutikoa dute. Izan ere, gertaerak ez dira kontatzen: epaitu egiten dira, haien gainean argudiatuta.

BERRIAn kolaboratzaileek idatzi ohi dituzten zutabeak genero honetako testuak izaten dira.

 
Editoriala

Iritzi generoetako testu mota honetan hedabidearen ildoa azaldu ohi da. BERRIAn ez da editorialik idazten. Dena dela, egoera jakin batzuetan, BERRIAk eta BERRIA Taldeak argitara ditzakete beren iritzia adierazteko artikuluak.

 

Informazio elementuak

 

Idatzia eta irudia orrialdean

Kazeta orrietako informazioaren zati handi bat idatzien bidez ematen da: testu beregainak osatzen dituzte, baina, zenbaitetan, bata bestearen lagungarri dira. Esaterako, erreportaje luzeetan-eta zatidurak edo testu osagarriak egin ohi dira.

Irudien eta diseinuaren bitartez, testuko informazioa osatzen du irakurleak; hau da, argazkiek eta infografiek ilustratuta, eta tipografia elementuek (letra mota eta neurria, lerro tartea, letraren kolorea…) eta maketazioak lagunduta.

Gainera, orrialdean berria non dagoen eta zein sailetan, horrekin ere errealitatea interpretatzeko irizpideen berri ematen zaio irakurleari.

 

Informazio adierazpideen osotasuna

 
Testu nagusia

Hiru alderdi bildu ohi ditu prentsako testuak: titulua, lehen paragrafoa eta gainerakoa.

Kazeta orrialde bateko testuaren alderdirik nabarmenena tituluek osatzen dute: lehenengo kolpean antzematen dira, eta hainbat elementuk osatzen dituzte.

Tituluei erreparatu ondoren, lehenengo paragrafoan sartzen da irakurlea: tituluko ideian sakontzea du helburu, eta irakurleari testuan barneratzeko gogoa sortzea, informazioa modu erakargarrian atonduta.

Ondotik datorren testu barrenean luze-zabal azaltzen dira berriaren nondik norakoak, testu mota bakoitzaren ezaugarrien barruan.

 
Zatidura

Testu osagarri bat da, nagusiaren jirakoa. Oso testu luzeak arintzeko atondu ohi dira zatidurak, orrialdean bertan: testu laburragoak dira, nagusiaren ondoan jarriak.

Hainbat eratako zatidurak atondu ohi dira: ikuspuntu jakin batetik informazio gehigarria eskaintzen dutenak, analisiak, soslaiak, kronologiak...

 
Argazkiak eta infografiak

Indar handia izan ohi dute egunkarietako irudiek: horregatik aukeratzen dira. Informazioa eskaintzen dutelako eta erakargarriak direlako aukeratu ere.

Argazkiak ez dira orriaren betegarri hutsak: balio informatibo handia dute. Ahalik eta ondoena zaindu behar dira, kazetaritzari dagozkion irizpideei jarraiturik.

Infografiak informazioa labur eta argi emateko baliabide grafikoak dira. Testuan, infografiako datuak azaldu eta testuingurua jakinarazi behar da, eta inola ere ez da egokia infografian adierazirikoa errepikatzea.

 
Argazki oinak

Testu informatiboa idazten da argazki oinean: testu laburra da, eta ongi pentsatu beharrekoa. Irudiaren argigarria eta osagarria da, ez haren hitzezko errepikapena; beraz, begi bistakoa deskribatzea argazki oina alferrik galtzea da.

Honako argazki mota hauek argitaratzen dira egunkarietan:

a. Gaurkotasuneko gai jakin bati lotutakoak: albistearen osagarri izan ohi da. Oineko testuan protagonistak nor diren azalduko da, zertan ari diren, noiz eta non.

b. Artxiboko argazkia edo generikoa: ez dago gaurkotasunari zuzenean lotua. Erreportajeetan-eta baliatzen direnak generikoak izan ohi dira, askotan artxibokoak. Jorratzen den gaia ilustratzen dute. Argazki generikoa izanagatik, oineko testuak erreportajean landutako gaiari buruzko informazioa eman behar du.

c. Argazki baloratiboa: irudi hutsetik harago doa, ez baita argazki neutroa. Argazki historikoak izaten dira askotan: ondorio soziopolitiko eta kulturalak dakartzate. Non eta noiz egin diren azaldu behar da.

 

Titulatzea

Kazetaren aurpegia dira tituluak. Izan ere, aurren-aurrena tituluak irakurtzen dira. Eta, askotan, tituluak baino ez.

Azala kazeta osoaren isla den bezala, halaxe tituluak ere: testu barrenean dagoen edukiaren atari dira.

 
Titulu elementuak

Testuen goialdean letra handiagoz idazten den esaldia baino gehiago dira titulu elementuak. Hainbat elementuk osatzen dute albiste baten titulua: goitituluak, testu nagusiaren tituluak, azpitituluak, zintak, tarteko tituluak, argazkiak, infografiak, zatiduren tituluak, leihoak… 

Titulu elementu guztien artean emandako datuekin, irakurleak gai izan behar du albistearen muinaz jabetzeko.

Tituluak. Albistearen laburpenak dira, eta beste elementuetatik guztiz beregainak. Berez ulertzen dira. Normalean, zer eta nor(k) galderei erantzuten diete.

Goitituluak eta azpitituluak. Tituluaren lagungarri dira, eta, beraz, ez dute informazio bera ematen. Titulua, goititulua eta azpititulua independenteak dira sintaktikoki: bata ez da bestearen jarraipena.

Zintak. Gaira gerturatzen dute irakurlea. Orokorrak edo zehatzak izan ohi dira. Zinta zehatzak ez dira beti erabiltzen: normalean, gai batek orrialde bat baino gehiago hartzen duenean, edo denboran luzatzen denean erabiltzen da. Titulu elementutzat hartzen da zinta ere, eta, tarteko tituluen gisa, ez ditu izaten hiruzpalau hitz baino gehiago.

Tarteko tituluak. Testu barrenean agertzen diren titulu laburtxoak dira: bizpahiru hitzek osatzen dute, eta zutabearen zabalera hartzen dute gehienez ere. Begiari eta testuari arnasa ematen diote tarteko tituluek, eta edukira zuzen jotzeko modu arinak dira. Baina ez dira elementu estetiko hutsak.

Txikiak izan arren, tituluen funtzioak betetzen dituzte, hau da, gaia iragartzea eta irakurlea erakartzea. Tarteko titulua agertzen den unetik aurrera, iragarritako gaiaz ariko da testua. Gerta liteke irakurlea gogaitua sentitzea testua irakurtzen hasitakoan, baina jakin-minak eta tarteko tituluak dioenak erakarrita, albistean jauzi bat egin eta irakurtzen jarrai dezake.

Leihoa. Testu nagusitik nabarmendu diren esaldi beregainek eratzen dituzte leihoak; letra handiagoz idatzi ohi dira, berariaz antolatutako espazioan —normalean, zutabe bateko zabaleran—. Protagonistaren batek esandako hitzak jasotzen dira, edo albistearen datu nagusiak, baina inoiz ez tituluko beste elementuren batean agertzen denik.

Zatiduraren titulua. Zatidurak titulua laburra du, eta beregaina da. Zenbat zutabekoa den edo zein generotakoa, titulua ere hartara moldatuko da.

Argazki oinak. Argazki oinean idazten den testua ere titulu elementutzat hartzen da: informazioa eman behar dute.

Infografia tituluak. Albiste nagusiaren lagungarri direnez, testu deskribatzaileak idatzi ohi dira, gaia garbi zein den adierazten dutenak.

 
Funtzioak

Arreta handia eskatzen dio kazetariari edukia tituluan sintetizatzeak.

Bi betekizun nagusi dituzte tituluek:

—Testuaren edukia iragartzea.

—Irakurlea erakartzea.

Zein generotako testua den, era batera edo bestera beteko ditu funtzio horiek, eta bien arteko oreka zaindu behar du kazetariak.

Tituluak testua irakurtzeko gogoa eman behar du: lehenengoan ulertzeko modukoa izan behar du, eta erakargarria, irakurleak aurrera jarrai dezan.

Albistearen titulua ulertzen ez bada, irakurleak bertan behera utziko du eta ez du leituko.

 
Ezaugarriak

Argia. Irakurlea erakartzeko amua da, eta, askotan, gaira eramango duen arrasto bakarra. Tituluak erraz ulertzekoa izan behar du, berez.

Laburra. Kazetaritzako hizkuntzak laburrera jotzen du, oro har; are gehiago tituluek. Gaia sintetizatu beharrak hitz zehatzak aukeratzeko premia dakar.

Egiazkoa. Titulua ezin da engainagarria izan: irakurleak testuan idatzita aurkituko duen huraxe iragarri behar du. Gaiari erantzun behar dio beti, informazio zein iritzi testua izan.

Erakargarria. Irakurtzera bultzatzen duena da erakargarri, eta titulua da irakurlea testura biltzeko lehen elementu idatzia.

Egokia. Generoak, egunkariko sailak, egoerak berak agintzen dute titulua nolakoa izango den. Eta beste hainbat gorabehera ere kontuan hartu behar dira: hizkuntza, kazeta tradizioa eta kultura, lekua, hedabidea… Azken batean, ez da berdin titulatzen kirol saileko orrialdeetan eta politikakoetan, ezta hedadura handiko kazeta batean edo herri agerkari batean ere.

Gaurkotasunari lotua. Albistea berri bihurtu duen azken datua tituluan jasotzea, hori da gaurkotasunari lotua dagoen seinale.

Beregaina. Tituluak beregainak dira. Albisteaz dihardute, baina ez dira testuaren eta beste tituluen menpeko. Askotan, irakurleak tituluaren bitartez jakin duena besterik ez daki albiste horretaz.

 
Titulu motak

InformatiboakLehen helburua informazioaren muina ematea dute, eta informazio generoetan erabili ohi dira, batez ere albisteetan.

Alderdien arteko elkarrizketa hasiko dute ekainean Irlandan

Adierazkorrak. Berriaren muina jakintzat emanik, modu literarioagoan idazten dira, irakurlea erakartzeko.

Gandiagaren adioa

Adierazpen tituluak. Protagonistaren hitzak biltzen dituzte, estilo zuzenean, zeharkakoan edo bitarikoan. Hitzak moldatu egiten dira askotan, tituluaren neurrira ekartzeko, baina betiere esanahia eta tonua ezertan aldatu gabe. Kontuz ibili behar da gaia eta esaldia aukeratzean, baita testuingurutik kanpo ematearekin ere.

Odon Elorza: «Bake prozesua blindatzeko antolatu dugu Bob Dylanen kontzertua» 

 
Titulatzeko erak

Zein testu mota atonduko duen kazetariak, generoaren araberako titulua idatziko du.

Esate baterako, informazio albiste baten tituluak gaiari helduko dio beste edozeri baino gehiago. Iritzi artikuluetan eta zutabeetan, berriz, askoz ere libreagoak izan daitezke. Testuak nolakoak, tituluek halako ezaugarriak izan ohi dituzte.

Albisteak. Albistearen titulua berriaren muina da: tituluak oso ondo laburtu behar du albistea. Albiste baten tituluak ezin du oker ulertzeko biderik eman, eta testu barrenean tratatuko ez den gai baten arrasto faltsurik ezin dio eman irakurleari.

Askotan, goititulua eta azpititulua izan ohi ditu; albistearen beste datu bat ematen dute, baina ez ideia nagusia, hori tituluan baitago. Albiste guztiek dute titulua; garai batean, tituluarekin batera goititulua edo azpititulua, bietako bat jartzen zen. Gaur, askotan, hiru tituluok baliatzen dira albiste berean.

Titulua: Montenegro independentea izango den bozkatuko dute gaur herritarrek

Azpititulua: Inkestek abantaila ematen diete independentistei, eta erabakia errespetatuko dutela diote unionistek

Erreportajeak. Arau esturik gabe idatziak eta sormen handikoak izan ohi dira erreportajeen tituluak, eta askotan, azpititulu eta goitituluz osatuak. Sormenezko titulua idatziz gero, azpitituluan ematen da berriari buruzko eduki informatiboa.

Titulua: Ezer ez, inon ez

Azpititulua: Astelehenean Bermeotik irten, lau egun Bizkaiko Golkoan hara eta hona jardun, ez antxoarik ez sardinarik aurkitu, eta atzera portura itzuli dira ‘Oskarbi’ ontziko arrantzaleak, etsita eta arrain faltarekin kezkatuta

Zinta:‘Kutsidazu bidea, Ixabel’-en musika

Titulua: Bi tresna, kolore guztiak

Azpititulua: Fernando Bernues eta Mireia Gabilondoren filmerako sortu duen musikaren grabazioa amaitu du Iñaki Salbadorrek Rec estudioan

Elkarrizketak. Sarri bai sarri protagonistaren hitzek eratzen dute elkarrizketa baten titulua, informazio elkarrizketetan batik bat.

Soslai elkarrizketetan, bada beste aukera bat ere: elkarrizketatuari buruzko esapide bat ematea.

Azpitituluan, protagonista nor den argitzen da, edo zergatik egin zaion elkarrizketa.

Aurkezpen zinta: Laura Mintegi - Idazlea

Titulua: «Bizitzak min egiten du»

Azpititulua: Politikaz, feminitateaz eta maskulinitateaz, hirurez batera idatzi beharra sentitu ondotik idatzi du ‘Ecce homo’ nobela

Kronikak. Kronika testu interpretatibo eta pertsonala da, albistearen antz handikoa, informazioa jakinarazten baitu baina gertatuaren gainekoak azalduz: gai edo gertaera baten inguruko azken kontuen berri ematen du kazetariak, baina, era berean, errealitatearen analisia egiten du. Titulua egiteko ere kazetariak askatasun handiz jokatu ohi du.

Erreportajeen antzera, kronikek titulua eta azpititulua izan ohi dute: tituluan alderdirik erakargarriena ematen da, edo balantze interpretatiboa egiten da. Azpitituluan, albistearekin zer lotura daukan agertzen da.

Titulua: Esku hutsik

Azpititulua: Portlandek ez du asmatu joaneko partidako hutsak zuzentzen, eta Ciudad Realek aise irabazi dio berriz ere itzulikoan

Zutabeak. Ez dago mugarik zutabe baten titulua atontzeko, sormen handikoa izatea besterik ez. Biziki interesgarri eta erakargarria behar du, gaira edo tesira lerratu gabe ere. Izan liteke testuan agertzen den hitz gako bat, gaiari lotutako gertakizunen baten aipamena edo kontu bitxiren batena.

Langile gripea

Kondorrak, putreak

Fidel izatearen garrantzia

Hiztun mutua

Urepeleko ertzaina

Goyaren txakurra

Estetika ez da kosmetika

Santuak, txerriak eta gol

Heriotzaren kolorea